XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

BATZARREA

EGUERDIKO hamaikak puntu-puntuan.

Donostiako udaletxearen batzar aretoan aurkitzen gara.

Alkatearen aulkia oraingoan, Bertsolari Elkarteko lehendakariak hartu du, Imanol Lazkanok.

Hasi da batzarrea.

Imanol Lazkanok Argiñarena eta Xanpun bertsolariak ditu eskuinetara; ezkerretara Iñaki Murua, aurkezle lanak egiten; Tapia, estatutoen argibideak emateko prest, eta Joxe Ramon Etxebarria, hau ere elkartearekin erlazionaturiko gora-beherak zuzentzen.

Zerrenda amaitzeko, Jexus Murua, elkartean liberatu bezala lan egingo duena.

Ehun eta berrogeitamar lagun eserleku bila.

Nahi izan duenak aurkitu du berea baina zutik jarraitu nahi dutenak ere ez dira gutxi.

Batzuk ezinbestez diraute zutik, batzarrera ekarri zuten egitekoak horixe eskatzen baitie.

Inaki Muruak ekin dio saioari, batzarrearen nondik norakoak eta nola borobilduko den aditzera emanez.

Lehendakariaren ongietorririk gabe nola hasi batzarrea? Ba horixe eskaini die Imanol Lazkanok bazkideei.

Ondoren Tapia jaunaren txanda etorri da.

Estatutoak aurkeztu eta izan diren aldaketen berri eman digu berak.

Lehen parte honetan azkenik Joxe Ramon Etxeberriak egin digu berba, ohorezko bazkideak proposatzeko erabili diren erizpideen berri emanez.

Ondoren, hiru bozketa burutu dira: bata Estatutoak onartzeko; bestea, ohorezko bazkideen izendapena onar genezan; eta hirugarrena, lehendakaria aukeratzeko.

Estatutoaren onarketari dagokionez, ehun eta berrogeitamabi boto emaile kontatu dira; hauetarik bat bakarra ezezkoa, sei zurian eta ehun eta berrogeitabost baiezko atera direlarik.

Ohorezko bazkideak izendatzerakoan, berriz, ehun eta berrogeitamarrek eman dugu botoa: Ezezkorik ez da izan, baina boto bat edo beste baliogabetzat jo dira, boto paperean zerbait idatzirik zetorrelako.

Zifra konkretua ematekotan, ehun eta berrogeita lau ziren baiezkoak.

Ohorezkoen zerrenda onarturik geratu da beraz, berau Manuel Lekuona, Antonio Zabala, Alfonso Irigoien, Teodoro Hernandorena, Inazio Eizmendi Basarri, Xabier Amuritza eta Sebastian Lizasok osatzen dutelarik.

Hirugarren bozketa lehendakari berria hautatzekoa izan da.

Kandidatu bakarra aurkeztu dute bertsolariek: Imanol Lazkano eta ehun eta berrogeitasei baiezko eta hiru nulorekin hiru urtetarako lehendakari izendaturik geratu da.

Euskara, bertsolaritza eta abertzaletasunaren alde lan egitea delako onartzen duela kargua esan digu Imanol Lazkanok, eta berez pisua litzatekeen lana lagunarte hartan egitea erraz zaiola erantsi du gero.

Ondoren, ohorezko bazkideei egin zaizkien eskuerakutsiak etorri dira.

Emozioak ere partaide izan nahi zuen.

Hau, Manuel Lekuonaren ordez haren iloba Joan Mari aurreratu denean agertu da.

Osaba gurea osasun egoera larrian aurkitzen da - esan du txaloak gero eta ugariagoak ziren bitartean.

Santamariako erlojuaren ordubateko kanpaiak nahastu dira Amuriza eta Lizasoren agurrarekin.

Amaitu da batzarrea.

Eguraldi ederra geratu da Donostian Kontxako aparkalekura abiatu garenean.

Jendea erruz hondartzan gu aldendu garenean.

Rufino IRAOLA.